Euskaldun “berri” baten zailtasunak

Araban 1982an jaio nintzen, inguru erabat erdaldunean. Nire gurasoek ni euskalduntzeko erabakia hartu zuten eta garaiko OHOa B ereduan eta ondorengo BBB eta Batxilergoa D ereduan egin nituen, eta garai hartan Hizkuntza Eskola Ofizialeko 5. Mailako azterketa ere gainditu nuen. Unibertsitatean ere irakasgai gehienak euskaraz egin nituen. Ondoren, lanak bultzatuta Gasteiz baino euskaldunagoak diren lekuetan bizi eta lan egin dut (Arrasate, Lekeitio, Zarautz eta Zestoan), eta honek nire euskara trebatzeko eta hobetzeko aukera itzela eman dit.

Bizitako guzti horren ondorioz, badira urte asko euskararekiko sentsibilitatea daukadala, eta ondorioz, euskaraz bizitzeko hautua egin dudala. Dakizkidan beste hizkuntzak (gaztelera eta ingelesa) normaltasunez erabiltzen ditut, baina ahal denean euskara erabiltzen saiatzen naiz, bai ahoz zein idatziz.

Gauzak honela, eta hein handi batean aitatasun estreinatu berriak bultzatua, egoeraren inguruko hausnarketa egiten nabil. Argi neukan euskararen alde egin nezakeen ekarpenik handiena seme alabei euskara transmititzea zela, eta unea heldu denean egoeraren azterketa egiten nabil, autokonplazentziarik gabe.

Gurasoen esfortzuari esker Hezkuntza sistemak euskaldundu ninduen, euskararekiko militantzia/jarrera positiboa dut, Gasteiz baino eremu euskaldunagoetan bizi eta lanean nabil, bikotekide euskalduna dut (nire ibilbide antzekoa duena), euskarazko hezkuntza jasotako lagun koadrila, euskarazko hedabideak kontsumitzen ditut,… esango nuke inguruko aldagai gehienak alde izan ditudala.

Baaaaina halere nire gabeziak nabarmenak dira:

– Ulermenean arazo handirik ez daukat idatziz edo euskara batuaz hitz egiten dutenekin eta ni bizi izan naizen inguruko euskalkien ulermena hobetu dut, baina hortik ateraz gero zailtasunak handitzen zaizkit: berdin bi azpetiarren arteko elkarrizketa, herri txiki bateko atsoena, eta zer esanik ez xubereraz hitzegiten dutenena.

– Hitz egiterakoan euskaraz moldatzen naiz, baina gabeziak ditut lexikoan, erritmoan (etengabe pentsatzen/euskaratzen ibili beharragatik) eta adierazmenean (zaila egiten zait haserrea adieraztea adibidez), eta ez dut hikaz (edo berorikaz) egiteko gaitasunik. Gazteleraz ordea askoz hobeto moldatzen naiz, eta ondorioz euskaraz egiteko esfortzu kontzientea egin behar dut etengabe, eta are gehiago nire solaskideak gazteleraz ere badakiela jakinda.

– Nire idatzizko euskara nahiko txukuna dela esango nuke, ahozkotasunean ez bezala badaukadalako esan nahi dudan hori nola adierazi pentsatzeko aski denbora (eta Euskalbar tresnak asko laguntzen du!). Edonola ere, hemen ere euskaraz idazteko esfortzu kontzientea egin behar dut, gazteleraz gauza bera idazteko denbora gutxiago beharko nukeelako.

– Erabilerari dagokionez, lehen komentatu dudan esfortzu kontziente hori etengabe egin behar izateak nekeza egiten da batzuetan, eta aitortzen dut ez dudala euskaraz egiten nahiko nukeena bezain beste. Euskaraz asko egin arren ez dut lortu erraztasun nahiko nire jarioa esfortzu kontziente izatetik natural izatera pasatzeko.

Oro har, Egañak hitzaldi interesgarri honetan esaten zituen hizkuntzaz kanpoko faktoreak alde izanda ere hizkuntzaren baitako faktore askotan gabeziak somatzen ditut neregan. Euskararen transmisiorako gai ikusten dut nire burua, baina gabezi horiek nahiko nituzkeenak baina gehiago dira eta horrek kezkatzen nau.

Guzti honek nire buruaz haratagoko beste pentsamendu bat ere eragin dit: nire antzeko egoeran hazi diren gehienak ez dituzte izan hainbeste faktore alde, eta ondorioz euskaraz egiteko gaitasuna galtzen joan dira, eta badaude ere ulertzeko gaitasuna ere galdu dutenak. Noski, euskaraz ni baino askoz hobeto egiten dutenak ere ezagutzen ditut, baina proportzioz gaitasun txikiagoa dutenak askoz gehiago direla esango nuke.

Horregatik, ez dakit nire egoera antzekoan gaudenak estatistikak euskaldunak garela esan arren gure seme-alabei transmisioa egiteko behar besteko gaitasuna daukagunik oro har.

Kontu honekin lotuta, aste honetan Twitter-en Eneko Bidegain-en txio honen harira euskaldun berri/zahar dikotomiaren egokitasunaz eztabaidatzen egon ginen, eta hori ere hona ekartzea pentsatu dut. Hasteko, txioari erantzunez: bai, ni dikotomia horretan euskaldunberritzat daukat nire burua, ikastolan euskaldundua izanagatik ere.

Bestalde, egokitasunari dagokionez, euskaldun berriak gutxiesteko erabili izan dela pentsatu izan dut beti, baina azken bolada honetan zalantzak sortu zaizkit, estatistiketatik haratago hainbat arlotan desberdintasunak nabariak direla ikusten dudalako bai abiapuntuan eta gaurko egoeran, egoera honetan bizi diren euskaldun gehienen euskalduntze prozesua bukatutzat ematea akats larria izango zela uste dudalako.

Eta bukatzeko, erreflexio hauek guztiak buruan bueltaka izanda hainbat gauza ateratzen joan direnez hemen esteka bilduma bat egin dut.

http://paperekoa.berria.info/harian/2014-04-08/010/001/etxeko_gotorlekua_auzitan.htm

http://paperekoa.berria.info/harian/2014-04-08/010/002/itzul_hadi_etxera.htm

http://zuzeu.com/2014/04/09/irakurketa-moduko-bat-v-mapa-soziolinguistikoaz/

 

euskara atalean publikatua | 2 Iruzkin

Abizenak euskaratzeko prozesua

Aspalditik idazten ditut nire abizenak euren jatorrizko euskarazko eran, baina orain arte abizenen bertsio gazteleratua izan ditut dokumentu ofizialetan horrela jaso ditudalako gurasoengandik (frankismo garaian bizi izan ziren guraso gehienen moduan). Inoiz ez diot garrantzi handirik eman kontu honi, baina orain dela urtebete-edo abizenak euskaratzeko tramitea nahiko erraza eta doakoa zela jakin nuen.

Burokraziari diodan alergiak eta nagiak eraginda kontu hau atzeratzen joan nintzen halere, baina gerora tramite hauek egiteko prozesua pribatizatzeko bidean dagoela jakin nuen, (pribatizazioarekin batera notarioak sartu behar omen dira, prozesua zaildu eta garestituz) eta horrek tramitea egitera bultzatu ninduen.

Tramiteari ekiteko eman beharreko pausoak Justizia.net webgunean topatu daitezke, baina 18 urtetik gorakoa eta bertan jaiotakoa izanda hauek dira aurkeztu beharreko dokumentuak:

  • NANaren fotokopia
  • Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (Justizia.net webgunetik eskatu daitekeena)
  • Familia liburua (zurea edo zure gurasoena ezkonduta ez bazaude)

Behin jaiotza ziurtagiria eskuratu ondoren, tramitea zure bizilekuaren arabera dagokizun Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian egin behar da (batzuetan aurrez hitzordua eskatu  behar da).

Hortik aurrera tramiteak bere bidea egiten du “sistemaren barruan”, eta hilabete batzuk geroago tramitea bukatu dela jakinarazi zidaten eta abizenak aldatuta dituen jaiotza-ziurtagiria jaso nuen.

Behin tramitea bera bukatuta, dokumentazio guztia berritu beharra dago (niri esan zidatenaren arabera tramitea bukatu eta hurrengo 3 hilabeteetan egin behar da), NANa(*), pasaportea, gida baimena,… eta izena emanda duzun beste leku guztietan.

Burokraziaren azken partea oraindik egiteke dudan arren, NANa behintzat gaur bertan jaso dut. eta orain artekoa ez da hainbesterako izan.

Abizenen kontua behin konponduta NANaren nazionalitate atalean agertzen zaidan akatsa konpontzea falta zait bakarrik 🙂

(*): Arrazoia abizen aldaketa bada NANa berritzearen tramitea ere doakoa da. Eta horretaz aparte bitxikeri bat: NANaren kontua egitera Gasteizeko Espainiako Polizia Nazionalaren bulegora joan nintzen eta bertan abizenak euskaratzera esan nuenean euskaraz erantzun eta euskaraz egin nuen tramitazioa O_o.

Uncategorized atalean publikatua | , hitzekin laburtua | Iruzkin bat utzi

RSS jarioen irakurle berria aukeratzen

Bada hilabete bat Google-ek bere RSS jarioen irakurlea uztailean itxiko duela iragarri zuenetik, eta beraz Google Reader-enak egin du. Hori dela eta, azken asteotan zerbitzu hori ordezkatuko duenaren bila nabil.

Nire kasuan Google Reader-a Android-dun tablet batetik erabili izan dut normalean, eta noizean behin sakelekotik (Android-duna hau ere) eta ordenagailuetan nabigatzailearen bidez (normalean Firefox-etik).

Hori dela eta, zerbitzu berriak jarioak Android-erako aplikazioa eta nabigatzailearen bidez ere irakurtzeko aukera ematea nahiko nuke (beraz ordenagailuetan lokalki instalatu behar direnak baztertzen ditut), irakurtzeko interfazea ona izateaz gain noski. Interfazea ere euskaraz izango balu primeran legoke, baina hau zaila izango delakoan nago.

Momentuz hauek dira frogatu edo behintzat kontuan hartu ditudan lau zerbitzuak:

Feedly

Feedly Android-erako aplikazioa eta nabigatzailearen gehigarri moduan erabili daitekeen zerbitzua da (Firefox, Chromium/Chrome eta Safari nabigatzaileentzat). Bestalde, momentuz Google Reader-en zerbitzuaren menpekotasuna du (zerbitzu horren “gainean” eraikitako geruza bat dela esan daiteke), nahiz eta Google-eko zerbitzua itxi baino lehen arazo hori konponduko dutela esan duten. Hori dela eta, zerbitzu hau erabiltzen hasteko ez dugu Google Reader-etik datuak esportatu eta bertan inportatu beharrik, gure Google-eko kontuan saioa hasi eta erabiltzen hasi gaitezke.

Irakurri ditudan leku askotan aukerarik onena hauxe dela diote, eta oso ondo dagoela onartu behar da; hobespenen atalean elementuak erakusteko modu ezberdinak aukeran egoteaz gain Google Reader-en ez zeuden beste aukera asko ere badaude.

The Old Reader

The Old Reader web bidez bakarrik erabili daitekeen zerbitzua da (Chrome eta Safarirako gehigarriak ditu ere). Bere interfazea oso espartanoa da, eta hobespenen bidez ere ez dago gehiegi pertsonalizatzerik.

Bestalde, gure Google Reader-eko jarioak esportatu eta bertan inportatu behar ditugu. Dirudienez azken hilabetean jende berri asko jaso dute, eta ondorioz inportazioa ez da momentuan egiten. Nire kasuan 10 bat egun (!!!) itxaron behar izan dut inportazioa egin arte.

WordPress Reader

WordPress Reader WordPress CMS-ak daukan RSS jarioen irakurle da, niri nahiko harrigarria iruditu zitzaidan arren, Google Reader-en itxiera iragarri zenean zerbitzu honen alternatiba bezala azaldu zen.

Web bidez erabili daiteke, eta zerbitzu honentzako Android-erako aplikaziorik espezifikorik ez dagoen arren WordPress-eko aplikazioaren barruan zerbitzu hau erabiltzeko aukera dago.

Nire RSS jarioak nire wordpress.com kontuan inportatu nituen (ez da PRO kontu bat), baina behintzat web bidez ez dago Google Reader-en pareko interfazerik (ez dago izenburuak soilik erakusteko aukera adibidez) ezta pertsonalizazio aukerarik ere (ez dago jarioak direktorio edo etiketen bidez antolatzeko aukerarik)

Flipboard

Flipboard soilik Android-erako aplikazioa du, ezin da web bidez erabili.

Google Reader-eko kontuan bertatik saioa hasi dezakegu, eta irakurri dudanaren arabera, hori nahikoa da gure RSS jarioak bertatik irakurtzen jarraitzeko behin Google-en zerbitzua desagertu ondoren ere.

Itxura aldizkari baten modukoa da, eta ezin da ezer konfiguratu (izenburuak soilik erakusteko aukerarik ez dago).

Ondorioz…

Guzti hori ikusita aukera horien artean Feedly da begiratu ditudanen artean hobeto egokitzen dena (Android-erako aplikazioa + web bidezko sarbidea) eta gainera gehien tuneatu daitekena da. Interfazea ez dago euskaraz (begiratu ditudanen artean WordPress-ek bakarrik du euskarazko interfazea), baina bestelako faktore guztietan (Google-ekiko menpekotasunaren arazoa konponduko badute) besteak baino askoz hobeto egokitzen da nire beharretara.

Eta zuek zein zerbitzu aukeratu duzue? Nik begiratu ez dudan baten bat interesgarria iruditu zaizue?

Editatua (2013/04/08 21:55h):

Ibaik Twitter-en ondo dioen moduan Feedly-k ez dauka norberaren jarioen artean bilaketak egiteko aukerarik, beraz alde horretatik Feedly-koek badaukate zer hobetu.

Editatua (2013/06/30 20:55h):

Azken asteotan Feedly-k Google Reader-ekiko zuen menpekotasuna gainditu du, eta horretaz gain hobekuntza nabarmenak egiten ari dira, besteak beste zerbitzura nabigatzaileen plugin-ik gabe sartzeko aukera dago jada: cloud.feedly.com

Bestalde, Ibaik Twitter-en komentatu duenez, Feedly-k oraindik ez du jarioen babes-kopia esportatzeko aukerarik ematen, baina eurek diotenez epe motzean aukera hori emateko asmoa dute:

http://feedly.uservoice.com/forums/192636-suggestions/suggestions/3744603-opml-export

Dirudienez, Feedly-k erabiltzaileen eskaerak entzuten ditu eta hori arrakastarako pauso bat da.

Uncategorized atalean publikatua | , , , , , hitzekin laburtua | 2 Iruzkin

Eramangarri berria aukeratzen (4. eta azken atala)

Beno, post honekin sorta honeri amaiera ematera noa.

Aurreko post-etako elementu guztiak kontuan hartuta, hainbat aukera baztertu ditut eta ezaugarri minimo batzuk ezarrita (4 GB RAM, i5 CPU-a eta 128 SSD) hauek dira azken erabakia hartzeko momentuan kontuan hartu ditudanak:

Konparaketa

Ikusitakoen artean merkeena. Bere ahulgune nagusia diseinua da, baina CPUa ordea eramangarri guztietan potenteena da (Intel i7 txipen zerrenda); halere txip horrek 35W “jaten” ditu, beste i7-ek 17Wko potentzia duten bitartean.

Hau ere nahiko merkea da baina, aurrekoa bezala, ahulgune nagusiak CPUa (Intel i5 txipen zerrenda) eta diseinua dira. Kasu honetan, gainera, bateriak 4 gelaxka ditu bakarrik.

Dell XPS 13 eramangarriak 999€tik 1399€rako salneurria dute, eta ezaugarri beretsuak izanda Vaio eta Apple-ekoak baino merkeagoak dira. Aukera merkeena kenduta, beste guztiak 1080p-ko pantailak dituzte. Aukeren artean Developer Edition modeloa dago 1359€tan, Windows 8 daramanak baino 40€ merkeagoa.

Vaio Serie T eramangarriak Dell-ak baino garestixeagoak dira. Ukimen-pantailak dituzte, baina HD ez direnez ez dute balio erantzi nabarmenik eskaintzen.

Macbook Air 13-a are garestiagoa da (behar diren egokigailuak kontuan hartu gabe). Macbook-en indarguneetariko bat bateriaren autonomia da, eta diseinu aldetik ere onena hau izan daiteke, baina eta ez dauka HD pantailarik ere.

Macbook Pro 13-ak dauka guztietan pantailarik onena, baina beste ezaugarriak ikusita salneurria gehiegizkoa iruditzen zait.

Guzti hau ikusita, Dell iruditzen zait aukerarik onena, pantaila, salneurria eta elementuen orekagatik. Zalantzak ditut i5 1080p modeloaren konformatu (1169€) edo 200€ gehiagogatik jauzi kualitatiboa eman eta Developer Edition modeloa erosi (eta gainera Windows-eko lizentziarik ordaindu gabe).

Asteburuan bueltak emango dizkiot kontuari eta datorren astean erabakia hartuko dut, beraz beste aukera interesgarririk ezagutuz gero edo kontuan hartu ez dudan zerbait ikusiz gero esaidazue, bale?

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin 1

Eramangarri berria aukeratzen (3. atala)

Aurreko bi postetan (1 eta 2) eramangarriak erosteko dauden aukera ezberdinak aztertu ditut. Gaurkoan aukera horien artean nik nahi dudana zeintzuk eta zein salneurritan saltzen duten aztertuko dut.

Eramangarri berria etxeko kontuak egiteko erabiliko dut (nabigazioa, ofimatika, bideoak ikusi,…), nahiz eta noizean behin bestelako kontuak ere egingo ditudan (programazioa, bideo edizioa,…). Bestalde, datorren urtean ikasten egongo naizenez klaseetan erabiliko dut ere.

Hauek dira bilatzen dudan eramangarriak izan beharreko ezaugarriak:

– Pantaila: 13 hatzbete. Hauxe da eramangarriaren tamaina baldintzatuko duena. Txikiagoak direnak txikiegiak geratzen zaizkit, baina zertxobait handiagoa balitz ere (14,1ekoa edo) ez litzaidake inportako. Pantailaren kalitateari dagokionez ez daukat lehentasun berezirik, baina erresoluzio altuago orduan eta hobeto, noski.

– CPU: Ordenagailua urte luzez erabiltzeko asmoa dudanez, txipa Intel i5 edo i7 bat izatea nahiko nuke (ez dakit AMDkoen artean hauen parekorik dagoen).

– RAM: Momentuz 4GBrekin nahikoa zait, baina gehiago ez bada slot bat libre izatea gustatuko litzaidake etorkizunean RAM gehiago jartzeko aukera ez ixteko.

– HDD: Sistema Eragilea SSD motako disko gogor batean instalatu nahi dut honek errendimenduan eragin handia duelako, baina mota honetako diskoak nahiko oraindik garestiak direnez SSD disko txiki bat (>64GB) disko gogor klasiko batekin konbinatzea izan daiteke aukera ekonomikoena.

– Teklatua: ohiko erabilera euskaraz edo gazteleraz idaztea izango denez teklatuaren layout-a “ñ” izkia duena izatea nahiko nuke (Spanish).

– Txartel grafikoa: gamer bat ez naizenez (eta GPU computing egiteko asmorik ere ez dudanez) ez dut txartel grafikorik potenteena behar, txartel txukun batekin konformatzen naiz.

– Bateria: Eramangarriaren autonomia oso handia izatea ez dut behar, baina bateriek erabilpenarekin iraunpena galtzen doazenez ez zait inporta diru gehiago ordaintzea bateria txukun batean.

– Salneurria: hasiera batean 1000-1200€ gastatzeko asmoa nuen, baina mereziz gero gehiago gastatzeko prest ere egongo nintzateke (kapritxo moduan).

– Bestelakoak:

  • Erabiliko dudan sistema eragilea GNU/Linux eko distro bat izango denez, eramangarriaren HW horrentzako driver-ak egon behar dira.
  • Erabiliko ez dudan sistema eragile baten lizentziarik ez ordaintzea gustatuko litzaidake (ahal bada behintzat)

Guzti hau kontuan izanda, hauek dira momentuz topatu ditudan hautagaiak, merkeentatik garestienera ordenaturik:

Mountain Portátil Executive 13 (739€)

AHTEC NAOS PBL01 (499€ tik gora, 800€ inguru nire konfigurazioarekin)

Dell XPS 13 Ultrabook (999€tik gora)

Vaio Serie T Ultrabook (919€tik gora, 1119€ nire konfigurazioarekin)

Ultrabook™ HP Spectre XT 13-2100es (1199€)

– Dell’s Ubuntu-powered XPS-13 Developer Edition (1,549.99$, ¿€tan?)

Julenen bidez (Twitter-en) Dell-ek orain arte AEBetan soilik saltzen zuen Ubuntu-dun XPS13a laster Europako hainbat estatuetan ere salgai egongo dela jakin izan dut, tartean Frantzia eta Espainiana (arstechnica-n jatorrizko berria). Nire beharrak gainditzen dituen arren aukera egoki bat izan daitekeela dirudi, baina salneurria jakin arte ezin gehiago esan.

Macboook Pro 13 Retina (1529€)

Lenovo ThinkPad X1 Carbon (1929€)

(Oharra: espainiar estatutik kanpotik bidalketak egiten dituztenak ez ditut kontuan hartu, Julenek dioen bezala horrelakoetan garantia eta aduana kontuak ere hartu beharko liratekeelako)

Eramangarri hauek guztiak ez dira baliokideak, noski, eta salneurria goraka doan einean ezaugarriak ere hobetzen doaz, eta eramangarri guztiek ez dituzte goian azaldutako baldintza guztiak betetzen.

Eta zuek, bestelako aukerarik kontuan hartuko zenukete? Aukeretako batean oztopo nabarmenik ikusten duzue?

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Eramangarri berria aukeratzen (2. atala)

Aurreko post-ean markadun ordenagailu eramangarri bat Windows edo MacOSX ez den Sistema Eragile batekin erostea (Euskal Herrian behintzat) ia ezinezkoa dela ikusi ondoren, merkatu mainstream horretik kanpoko aukerak aztertzera nator gaurkoan, marka ez hain ezagunak dituzten ordenagailu eramangarriena hain zuzen ere.

Mahaigaineko ordenagailuen kasuan ohikoa da marka ezagunik gabeko ordenagailuak erostea, edota nork bere ordenagailua montatzea hardware elementuak banaka erosi ondoren. Baina ordenagailu eramangarrien kasuan nahiko arraroa da horrelakorik ikustea, eramangarrietako piezak muntatzea nahiko konplexua izateak merkatua marka handien esku egotea errazten baitu (hainbeste hardware hain leku txikian sartzeak tetris batean antza du).

Halere, marka ezagunetatik kanpo badago eramangarriak saltzen duenik. Kasu honetan GNU/Linux aurreinstalaturik dakartenak soilik bilatu ditut. Linux pre-loaded webguneak Linux aurreinstalaturik saltzen duten webguneen direktorio nahiko osatua dauka. Saltzaile bakoitzaren ondoan honen herrialdea eta bidalketak egiten dituen eremua zehazten da, eta horrela horietako zeintzuk gureganaino heltzen diren jakin dezakegu. Tartean direktorio horretakoak, hauek dira topatu ditudan aukera batzuk:

  • System76: AEBetatik mundu osora egiten dituzte bidalketak (Ander Elortondok ere aukera hau aipatzen zuen Twitter-en). 4 modelo dituzte, Ubunturekin datoz eta HW nahiko konfiguragarria da (CPUa, RAMa, HDDa, WiFia) eta teklatuaren konfigurazioa US/International artean aukeratu daiteke.
  • ZaReason: hauek ere mundu osora egiten dituzte bidalketak AEBetatik zein Zeelanda Berritik. 4 modelo dituzte, eta SEa aukeratzeaz gain HWa nahiko konfiguragarria da (CPUa, RAMa, HDDa eta WiFia)
  • ThinkPenguin: AEBetatik mundu osora egiten ditu bidalketak. 3 modelo konfiguragarri dituzte (CPUa, RAMa, HDDa eta pantaila), Ubunturekin datoz baina beste distro batzuk instalatzeko aukera ematen dute, eta nazioarteko teklatu konfigurazioak zein kargadoreak ere eskatu daitezkela diote.
  • EnperorLinux: AEBetatik mundu osora egiten ditu bidalketak. Markadun hiru modelo saltzen dituzte (bi Dell eta Lenovo bat), eta HW konbinazio asko eskeintzen dituzte (CPU, pantaila, txartel grafikoa, kamera, teklatua, HDDak, WiFia, Bluetooth-a, WWAN,…). Eskerak telefonoz egin behar dira.
  • Joxe Rojasek (Twitter-en) Mountain webgunearen berri eman zidan. Espainiatik Europako hainbat herrialdeetara egiten dituzte bidalketak. 3 modelo daude, aldaketa txiki batzuk egiteko aukerarekin (HDDa aldatu eta RAMa gehitu).
  • AHTec webguneak eramangarriak Sistema Eragilerik gabe erosteko aukera ematen du. 5 modelo dauzka aukeratzeko, konfiguratzeko aukera askorekin (CPU, RAM, HDDak, DVD/Blu Ray unitatea).
  • Mikel Iturbek (Twitter-en) PortatilesConLinux webgunearen berri eman zidan, baina azken egunotan offline egon da (ez dakit behin-behineko arazoa den edo zerbitzua bertan behera utzi duten, “mantenketa lanetan” daudela diote)

Gehiago ere badaude (LinuxCertified, FreedomIncluded, TastyBytes, Alusa,…), baina ez ditut denak aztertu gehiegi ez luzatzearren.

Hurrengo post baterako utziko dut nik nahi dudan HWa eta prezioaren konparaketa, baina aurrerago esan dudanez, eramangarri baten muntaia konplexua izateak horrelako eramangarriekiko mesfindantza eragiten dit.

Zuetako norbait izan al du horrelakoekin esperientziarik?

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin 1

Eramangarri berria aukeratzen (1. atala)

Ordenagailu eramangarri berria erosi behar dut.

Nire ordenagailu eramangarri zaharrak ez du gehiagorako ematen; Sony Vaio VGN-FE31Z gixajoak 7 urte dauzka jada, eta horietatik 2 urte eman ditu piztuta (azkar batean egindako kalkulua da, ez da bape zientifikoa). Bateriak bereak egin zuen aspaldi eta, inguruan entxuferik izan ezean pizten ez denez, ezin daiteke eramangarria denik esan, eramaten erraza askoz jota.

Izan duen bizitza izan arren ez dut sekula hardware arazorik izan, baina laster bateria duen eramangarri bat beharko dut eta beraz eramangarri zaharrari erretreta hartzeko unea heldu zaio. Bide batez azken urteetan garaturiko teknologiak (HDMI, USB 3.0, SSD,…) aprobetxatuko dituen eramangarri bat gustora hartuko dut .

Beraz, eramangarri berriaren bilaketari ekin diot.

Oraingo eramangarria Windows XP-rekin erosi nuen eta ondoren abio dualarekin Ubuntu jarri nion. Gaur egun Windows-a ez dut ia sekula erabiltzen, eta ondorioz eramangarri berriarekin ez dut Windows-eko lizentziarik ordaindu nahi, erabiltzen ez dudan zerbait ez dudalako ordaindu nahi (eta are gutxiago diru hori Microsoft-entzat bada).

Bestalde, eramangarri klonikoek ez dute oso ospe ona (hori da behintzat nik entzun/irakurri dudana) eta lanean zein etxean markadun eramangarriekin lan egin dut beti. Ondorioz marka ezagun bateko eramangarria izatea nahiko nuke.

Debian-en oinarrituriko GNU/Linux distro bat erabiltzeko asmoa dut, baina momentuz ez daukat argi zein dudan nahiago, beraz gustora erosiko nuen sistema eragilerik gabeko eramangarria; entzun dudanagatik sistema eragilerik gabeko ordenagailuak saltzea ez omen da legala, eta beraz aurreinstalaturik datorren sistema eragilea zein den ez zait gehiegi inporta, ordaindu beharreko lizentzia bat ez duen bitartean. Gero ni arduratuko naiz sistema eragile definitiboa aukeratu eta instalatzeaz.

Baina… posible al da markadun eramangarri bat erostea Windows edo MacOSX lizentzia bat ordaindu gabe?

Premisa horiek kontuan izanda, Internet-en begiratzen jarri naiz eta Twitter-en ere galdera bota dut. Hauek dira analisiaren ondoren atera ditudan ondorio batzuk:

Marka ezagunen webguneetan sartu naiz eta nik begiratu ditudanak behintzat (Dell, HP, Sony Vaio, Toshiba, Lenovo, Acer, Asus, Samsung, Fujitsu eta Packard Bell) ez dute Windows-ik gabeko aukerarik eskeintzen. Apple-ek, bestalde, MacOSX-ik gabeko eramangarririk ere ez ditu saltzen, baina Apple-en ekosistema itxian ez nuen bestelakorik espero.

– Esandako webgune horietako gehienek Windows gomendatzen dutela jartzen dute modu nabarmenean, beraz fabrikatzaileen eta Microsoft-en arteko akordioak daudela argi dago (Mikelek dioen moduan). Nolako akordioak diren ezin dut jakin, baina pentsa liteke Microsoft-ek fabrikatzaileei zerbait eskeiniko diela euren ordenagailuetan Windows aurreinstalaturik saltzearen truke.

Naroak dioen bezala, Dell-ek duela urte batzuk bere ordenagailuetan GNU/Linux aurreinstalaturik saltzeko apustua egin zuela gogoan dut nik ere, baina gerora atzera egin duela dirudi. Gaur egun  Dell-ek ematen duen aukera bakarra garatzaileentzat bereziki prestaturiko portatil hau da, eta gainera Kanada eta AEBetan bakarrik saltzen da.

Analisi honen ondorioz, markadun eramangarri bat erosi nahi badut Windows-eko lizentzia bat ere erosi beharko dudala dirudi, eta gero nire kabuz beste sistema eragile bat instalatu. Benetan harrigarria egiten zait mundu mailako fabrikatzaile ezagunenek Microsoft-ekin horrelako harreman esklusiboa izatea eta bestelako aukerek ireki dezaketen merkatuei uko egitea, baina hala dela dirudi. Horrekin laxai ez eta Microsoft-ek erabiltzaileek ordenagailuetan beste sistema eragile bat instalatzea ekidin nahi du Secure Boot deitzen duen sistemaren bitartez.

Beraz,badirudi nik nahi nuen guztia ezingo dudala lortu; orain (aukera berririk topatu ezean) Windows lizentziadun markadun eramangarri bat eta Windows gabeko eramangarri klonikoa baten artean erabaki beharko dut. Post hau nahiko luzatu da jada, eta beraz klonikoen konparaketa hurrengo post batetarako utziko dut.

Uncategorized atalean publikatua | , , , , hitzekin laburtua | 9 Iruzkin